HIRIGUNE

HISTORIKOA

Hondarribiko hirigune historikoa bisitatzea ezinbestekoa da. Harrigarria da bere kaleen trazadura laukitua, hain zuzen, Erdi Aroan sortutako herrietan bereizgarria. Halaber, nabarmenak dira kale estuak galtzada-harrizko zolarekin. Ildo horri eutsiz, hoberena da ibilaldi labur bat egitea Santa Maria atetik hasita, herrira iristeko bi sarrera nagusietako bat baita. Modu horretan, Kale Nagusira, hau da, galtzada-harriz osatutako arteria nagusira helduko da.

casco-historico-hondarribia
Share on facebook
Share on twitter
Share on email
Share on whatsapp
Share on telegram
guia-hondarribia-audiovisual-free

APP STORE
ESP    EUS    FRA    ENG

GOOGLE PLAY STORE
ESP    EUS    FRA    ENG

Santa Maria atea. Hirigune historikoa. Hondarribia

Hondarribiko udaletxea

Iriarte etxea

Casadevante jauregia

Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Maria

Karlos V.-aren gaztelua eta Arma plaza

SANTA MARIA ATEA

Udalerriak zituen bi sarrera nagusietako bat da. Zenbait elementu zituen, hala nola zubi altxagarria, zaintzarako gorputzak eta kapera. Bakarrik arku xumea gelditzen da eta barneko aldean oraindik atearen gontzak mantentzen ditu. Arkuaren gainean 1694. urteko udalerriko armarria azpimarra daiteke. Ezkerraldean Santa Maria kuboa, XVI. mendekoa.

KALE NAGUSIA

Etxeetako teilatu-hegalak nabarmentzen dira, batzuk bikoitzak, beste batzuk, ordea, xumeak. Etxeek zurburu landuak, burdina forjatuzko balkoiak eta armarriak dituzte. Erreparatu honako etxe hauei: 26., 24. eta 22. zenbakiei, udaletxeari (20. zenbakia), Casadevanteren etxeari (5. zk.), Zuloaga etxeari (8. zk.), Iriarte etxeari (Denda kaleko 2. zenbakitik sarrera) eta Ladrón de Guevara etxeari (2. zk.). Banan-banan aztertuz gero, udaletxeak estilo barrokoa du (1735); Casadevanteren etxean 1638ko Setioaren tregoa negoziatu zen; Zuloaga etxea Torre-Altako kondearen orubea da, eta gaur egun agiritegi historikoa nahiz udal-liburutegia kokatzen dira; Iriarte etxean bere fatxaden sarea, egurrezko modiloiak eta habeak azpimarra daitezke eta, azkenik, Ladrón de Guevara etxeak adreilu urdin beiratuko fatxada du, bakarra bere estiloan.

PARROKIA-ELIZA

Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Maria parrokia-eliza harresi zaharren zatien gainean eraiki zen eta aurreko eliza erromanikoa ordezkatu zuen. Estilo gotikoa du eta errenazimenduko elementuak erantsi zitzaizkion. XV. eta XVI. mendeetako lana da. Kanpandorrea, barrokoa, XVIII. mendean egin zuen Francisco de Iberok. Iparraldean elizaren zatirik zaharrena aurki daiteke eta estilo gotiko fina du. Arku konopialaz osatutako portale ederra du. Ezkerraldean udalerriaren jatorrizko armarria ageri da. Ibilaldiari eutsita, Bretxara (Javier Ugarte etorbidea) iritsiko da eta bertatik Txingudiko Badiaren bista zoragarriak ikus daitezke. Atzealdean Paradoreko gelak, hain zuzen ere, jauregi-gazteluaren gela ohiak. Ondoan eta beheko errepideraino, Santiagoko bastioiaren aztarnak (XVI. mendea).

ARMA PLAZA

Bere funtzioak ziren, batetik, soldadu-taldeek armak erabiltzea eta, bestetik, herriak aldarrikapenak, harrerak, zezenketak eta bestelako herri-jaiak egitea.

KARLOS V.AREN GAZTELUA

Jatorrizko eraikuntza Nafarroako Sancho Abarcari esleitu zaio. 1190. urtean, berriz, zabaldu eta gotortu zen Nafarroako beste errege bati esker. Fatxada soila Karlos V.aren garaikoa da. Aldi berean zen gaztelu eta jauregi. Sei planta zituen soldatuen geletarako, biltegietarako, munizioa eta bolbora gordetzeko, ziega eta zalditegietarako. 1968. urtean Turismo Paradore modura gaitu zen.

SAN NIKOLAS KALEA

Kale honek etxe estu eta sakonak ditu. Beheko solairuak harlanduzko harria du eta ateak nahiz leihoak ateburu eta leihoburua dituzte, hurrenez hurren. Teilatu-hegalak xumeak edo bikoitzak dira. Ikusi 5. zenbakia duen etxea, 1757. urtekoa, baita 1665eko 13. zenbakia eta Mugarretenea etxea (2. zk.) ere..

JUAN DE LABORDA KALEA

Bertan Eguiluz familiaren oinetxea dago. Tradizioari jarraiki, Joana Eroa, Errege Katolikoen alaba, eta Felipe Ederra ostatatu ziren printze jaraunsleak izendatzeko Bruselatik Toledora egindako bidean. Izan ere, hiru eguneko egonaldia egin zuten Hondarribian (1502. urtea).

GIPUZKOA PLAZA

Eraiki berria da eta irudi ederra eskaintzen du. Horretan zenbait arte-galeria aurki daitezke eta aire zabalean hainbat kultur ekitaldi egiten dira.

POLBORINA

Herriak zuen bolbora-biltegi bat da. XVII. mendean altxatu zen eta egituran hargintza-ganga ageri da.

LEIBA BASTIOIA

XVI. mendean eraiki zen eta bere minen aurkako galeriarekin batera jatorrizko trazadura ongien kontserbatzen duen bat da.

SAN NIKOLAS ATEA

Kanpoko atea XVI. mendekoa da. Atearen eta babes-hobiaren arteko altuera salbatzeko zati batean altxagarria eta beste batean finkoa da. Pasabidea duela gutxi birgaitu dute eta gaur egun burgu zaharrenera iristeko sarbiderik praktikoena da. Hondoan, San Nikolaseko errebellina, atea defendatzeko kanpoko obra. Bestearen antzera, duela gutxi berritu dute. Barneko atean ate gotiko zaharraren aztarnak ageri dira eta Erdi Aroko herriko harresiari dagozkio. Bertan Arma plazatik beherantz doan San Nikolas kalea amaitzen da.

ERREGINAREN BASTIOIA

Kokapen estrategikoa zuenez, biziki eraso zuten herriak jasan zituen hainbat setiotan. XVI. mendean eraiki zen eta zati batean M. Manzano Monís arkitektoaren zuzendaritzapean birgaitu zen. Murrua izeneko pasealekuan harresien lodiera ikus dezakegu.

ERDI AROKO HARRESIA

Erdi Aroan udalerria inguratzen zuen harresiaren aztarna ikusgaia da eta kareharriko hormez egina dago. Erdi Aroko harresia perimetro osoan azaltzen da, baina egungo eraikinek ezkutatzen dute.

FRANTSES PUTZUA

“Frantsesarena” deritzan putzua da eta XVI. mendean eraiki zen. Udalerria harresituta zegoen eta maiz setiatzen zuten, beraz, putzu publiko eta pribatu ugari zituen. 15 metroko sakonera du eta beti ura ageri da, baita agorraldietan ere.

UBILLA KALEA

Kale honetan Antonio de Ubillaren familiari dagokion eraikina nabarmen daiteke. Bera Rivaseko markesa zen eta Hondarribia zuen jaioterri. Halaber, erreparatu 4. zenbakia duen etxeari, Arsu familiaren armarria baitu.

Gipuzkoa plaza

San Nikolas atea

Erreginaren bastioia

Ubillatarren dorretxea

Eguiluz jauregia

Alcega etxea

San Nikolas kalea

Frantses putzua

SOL KALEA
Jatorrizko trazadura mantentzen du, hau da, orubeak estuak eta sakonak dira eta elkar su-hesiek bereizten dituzte.

PAMPINOT KALEA
Kaleak etxe interesgarriak ditu, harri pikatuek osatzen dituzte beheko solairuak eta zuloetan ateburuak edo leihoburuak ageri dira. Goiko solairuak hormetan zehar altxatzen dira. Rameri etxea (16. zk.) azpimarra daiteke. Gaur egun Hondarribiko Historiaren Lagunen Elkartearen egoitza da eta etorkizunean herriaren museoa.

DENDA KALEA
Herriko tipikoenetarikoa da. Bere izenak gremioen garaiak ekartzen dizkigu gogora. Gainera, beste bi kale daude, Harategi eta Zilar-denda izenekoak.

APEZPIKU KALEA
Kale zaharrenetarikoa da. Hondoan Palencia etxea, Echevestenea izenez ere ezaguna, Erdi Arokoa da. Horretan Cristóbal Rojas y Sandoval jauna jaio zen 1502. urtean. Karrera eklesiastikoan jardun zuen eta Sevillako artzapezpiku izatera iritsi zen. Karlos V.aren kapilau izan zen eta Santa Teresaren babesle ere bai. Lermako (Burgos) kolegio-elizan lurperatuta dago. Hondarribiko herriak estatua bat ipini zuen bere omenez bere izena daraman plazako jaiotze-etxearen parean.

SAN FELIPE BASTIOIA
XVII. mendean azkenekoa eraiki zen. Barruan XIX. mendean joko-kasinoa egin zuten eta gaur egun adinekoentzako egoitza da. Kasino Zaharra esaten zaio.

HARRESIAK
Hirigune historikoko harresiak argi eta garbi adierazten du hiribilduak Erdi Aroan duela bere jatorria. Bere trazadurak hainbat hedapen izan ditu hiri-bilbearen beraren garapenaren ondorioz.
XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran gotorlekuko obra handiei ekin zitzaien. Horren lekuko dira kuboak, bastioiak, babes-hobiak eta zubi altxagarriak. Nolanahi ere, guztiak muinoan bizi ziren biztanleak babesteko altxatu ziren. Harresiaren barneko eremura sartzeko bi ate zeuden: Santa Maria eta San Nikolas. Bakoitzak aurretik zubi altxagarri bat zuen eta biak gure garaira arte iritsi dira.
XVII. mendeaz gero, barruti gotortua zabaldu zen eta, xede horrez, errebellinak (San Nikolas eta Guevara) eta ezpondaren aurkakoak eraiki ziren.
Harresi lodi eta altuak Jaizkibel menditik ekarri zituzten kareharriz egindako hormak ziren eta udalerria XVIII. mendearen amaierara arte inguratu zuten.
Santa Maria kuboa, Erreginaren baluartea, San Nikolas gotorlekua eta Santiago bastioia gaur arte kontserbatu dira; ez zaio, ordea, gauza bera gertatu Magdalena baluarteari. Itxuraz, aztarnak egungo hiri-bilbearen azpian daude.
Barruti harresitu guztia inguratuz oinez ibilaldi erosoa egin daiteke. Hala, gotorlekuaren soiltasuna eta tamaina antzemateko aukera izango da. Santa Maria atetik Gernikako arbolaren lorategietarantz abiatuta, ongien kontserbatuta dauden horma-atalak ikusiko dira.

Harresia

Harresia

Harresia